XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Afrikako oihan tropikaleko pigmeoak. Ehiztari/ibiltzaileen adierazgarri

Beren historia guztiaren % 99an edo gehiagoan gizateria ehizetik eta fruituak biltzetik bizi izan da.

Gaur egun bizimodu horri eusten dieten bakanetakoak dira pigmeoak eta horiek aztertuta gizakiak hain denboraldi luzean izandako eboluzioa hobeto ulertzeko aukera izan dezakegu.

Izan ere, 5.000 populazio indigenetatik oso gutxi dira (30 baino gutxiago) ehiztari/biltzaile direnak.

Gainera pigmeoak dira (eta ez denak) ehizetik eta biltzetik bizi direla argien erakusten dutenak.

Nomadak edo erdinomadak dira.

Tribu batek 500, 1.000 edo 2.000 pertsona izan ditzake (batzuetan gehiago), baina beti 30 pertsona inguruko taldetan (10-50 izan daitezke, emakume, ume eta guzti) ibiltzen dira.

Noizbehinka zenbait talde, edo tribu guztia, elkartzen da dantza handi eta taldeko erritoez festak ospatzera.

Dantzak eta koruak dira beren gizarteko ekintza nagusiak.

Emakumeek etxolak bizpahiru ordutan egiten dituzte eta, ondorioz, kanpamendua lekuz erraz aldatzen dute, ehizaren eskakizunen arabera.

Kanpamendua ez da beti berdin osatuta egoten.

Kanpamenduko familiak gizonaren aldetik elkarren senide izaten dira, baina ez beti.

Leku-aldaketa bakoitzean batzuek alde batera jotzen dute eta besteek beste batera, familia gehiago ere etortzen dira eta, horregatik, kanpamendu berria lehengoarekiko zerbait desberdina izaten da.

Ehizerako lurraldea taldeen artean banatuta dago eta gazteek gurasoengandik jasotzen dute.

Gainera lekuz aldatzen direnean emaztearen lurraldean ehizatzeko eskubidea dute.

Horregatik pigmeoek urruti ezkontzea komeni dela diote, horrela ehizerako lurraldeak zabalagoak izan eta bizirik irauteko aukera handiagoak dituztelako.

Pigmeoak ez daki urrutira ezkontzeak beste abantaila bat ere baduela.